JARRAI NAZAZU:
FACEBOOK
Twitter
LINKEDIN
BLOGSPOT

Nire artelanari buruz

Idealizaturiko mundu baten isla da nire artelana. Dekadentea, zaharra, anonimoa, erromantikoa... den orok ezkutuan gordetzen duen edertasunarekin atsegin hartzen dut… Eraikuntzak, izaki bizidunak eta objektu errealak neureak egin eta erretratu eran sublimatzen dituen euskarri berri batean besterenganatzen ditut.

Prozesu horren bidez, elementu hauek identitate berri bat lortzen dute, izaera anekdotikoa kendu eta presentzia garbi eta misteriotsua ezartzen dien espiritu batek hartuz. Isolaturiko irudiak bezalatsu hondo amaigabe batean barruraturik agertzen dira, hondamena eta gozamena, beldurra eta barrengo bakea… kontrajarriak diren sentimenduak bizikidetzen diren espazioan. Sortu ziren lekurik urrun eta ia ihes egingo ez duten ezagunaren eta irrealaren artean dagoen eremu batean kokatzen dira. Artelan poetikoak dira, erretratu hibridoak, erabateko agerpenak, beren buruarekiko aipamena egiten dutenak.

Iñaki Lazkoz

Itzulpenak: Joxe Manuel Odriozola, Marixabel Irizar eta Maite Espinosa

 

(Pía Jardí)

Iñaki Lazkozen margolana giza-begiradaren metafora eder bat da.

Ikusten duena ez da begia. Aitzitik, begirada (subjetiboa) da errealitatearen zatiak harrapatzen dituena gure oroimenean erregistratzeko. Begirada horrek, hainbat une hautatu eta erauzi egiten ditu gure baitan txertatzeko.

Bere margolanek gogora ekartzen dizkigute bizi izandako uneen paisaiak, edo amets egindakoak akaso, noizbait behatu izan ditugunak eta, aspaldiko irudien forma zatikatua hartuta, gure oroimenean irauten dutenak. Beren ingurugunetik ateratako irudi horiek presentzia magikoa eta pausatua bereganatzen dute margolanotan.

Paisaia bareak dira, hondamenezkoak aldi berean, beti irreala den argi ixil batek estalitakoak. Sortutako atmosfera horrek giro espektralaz janzten ditu inguratzen dituen gauzakiak.

Konposizioak argiak dira, profilak zehatzak. Zehatz-mehatz landutako marrazkiak une jakin batzuk erregistratzen ditu. Irudiok ez dituzte islatzen, hain zuzen, erreala atzematen duen behaketa objektiboa, begiradaren borondate subjektiboa baizik: azken batean, errealitateari noizbait, nahita, lapurtutako zati bat, zeinaren aztarnaren jabe bakarra gure oroimena den.

Pintura, beti bezala, begiradan datza.

 

Pia Jardí
 1998ko azaroa

 

 

Curriculum Vitae-a

 

IGO! Harremanak © Copyright 2018. Iñaki Lazkoz - - Colaboraciones: www.magicrentals.co.uk - E-mail: — info@lazkoz.com Diseño: Estudio Deuno